Showing posts with label liburuez. Show all posts
Showing posts with label liburuez. Show all posts

2007/03/09

Kanona liburutegi publikoetan

Harriduraz begiratu diot papertxo bati liburutegiko ilaran, zera... gobernuak liburuak eta liburutegietan aurki ditzakegun beste edozein kultur-gai mailegatzeagatik erabiltzaileok kanon bat ordain dezagun legea ezartzeko asmoa duela?? Bai halaxe dio papertxoak.

Oso ongi deritzot geroz eta ezjakinagoa garen gizarte honi autoerrealizazio pertsonalerako bidean (bai, denoi sartu digute Maslowen hierarkia lepazurreraino) honelako oztopoak jartzeari, bidenabar, lau haizeetara zabaltzen duten berdintasun eskubidearen borrokan laguntzeari ere. Bai, dirudunenek (beti bezala) gehiago irabaz dezaten laguntzeari, eta ez naiz ari idazle, zinegile edota musikariei buruz, erabiltzaileoi buruz ari naiz, dueka edukiko du eta ez duena aukerarik ere ez.

Goizeko hamarrak dira, Donostiako liburutegi nagusiak ateak irekitzen dituen ordua hain zuzen ere, eta barrura sartzeak beste gizarte baterako bidea erakusten dit, gizon batek eskilaretan, arropa arrailduak jantzirik egunkaria irakurtzen du eta etorkin marokoar batek bideo bat jar diezaioten eskatu du jubilatu batek komiki bat begiztatzen duen bitartean. Inork ez die gaizki begiratzen, inork ez du esaten "hi txo! etzak motxila bazterrean utzi hustuko zitek eta!"

Ez dakit haiek mailegatzeko txartelik baduten hala ez (jubilatuak ziur baietz, txartel kolekzionatzaile amorratuak dira), baina, erabilpenagatik ordaindu beharko badugu, eurak ere, hala egin beharko dute. Gauden argi! kaleak beteko zaizkigu eta buruak hustu.

ps: papertxoa bete dut nire desasostasuna agertzeko.

2007/02/26

Zer artista mota ginateke gizartea aldatu nahi ez bagenu?

Hipermerkauak denbora pasatzeko
gune bilakatu ditugu.
Eta jendea ezkondu egiten da
oraindik ere;
esaten dute horrela
maitasuna benetakoagoa dela,
apaizak sakristian
dibortzio zoriontsua
opa dien bitartean.
Gurasoek haurrekiko
kontrol poliziala daukate,
maitasunaren eta segurtasunaren
aitzakian.
Laster lehen aldiz
larrua jotzera doazenean
gurasoei abisatuko diete.
Munduaren historian
psikologiaren beharrarekin
hazi diren lehenengo haurrak
sortu ditugu.
Dena eros dezaketen hau hauek
preziorik garestiena
ordaindu diote bizitzari:
ilusioa galtzea,
ez bada hurrena modan jarriko den
tresna, soineko edo gailua
erosteko.
Horregatik, niri ez iezadazue
balore hauek finkatzeko
laguntzarik eskatu.

Pako Aristi