Alferrik al da dena?
Irratian aditu dut bart: Estatu espainolean bikotean bizi diren gizonen artean ehunetik zazpik baino ez dituzte egiten etxeko lanak. Bikotean bizi diren hego euskal herriko gizonak barruan zaudete. Tuntunen kontsolagarri, bikotean bizi diren gizonei, ikerketak zera onartzen die, sintzeritatea. Ederra kontua! Kaltzontzilo zikinak ere ez dituzte biltzen, ez dute sekula alkandorarik lixatu, bitroko botoiak zertarako diren ere ez dakite... eta gainera, onartu egiten dute! "Nere gizonak lanetik atera eta siesta egiten du. Gero korrika egitera joaten da lagunekin, astearte eta ostiraletan izan ezik. Asteartetan berendu-afaria dute soziedadean eta ostiraletan musa. Etxean ez du ezer egiten. Baina hain da sintzeroa...". Estereotipo hutsa, ados, baina ehuneko 93k bat ere etxeko lanik ez egiteak eskubidea ematen dit nahi dudan guztia estereotipatzeko! Estereotipo hutsa ez, eskandalu hutsa da.
Eta behin orokortzen hasita, euskal musikari batek kontzertuetako entzulerik zozoenak gipuzkoarrak zirela eman zuen aditzera lehengoan, irratian hau ere. Gauza jakina dela erran zidan gero lagun batek, ez kontzertuetan bakarrik, gipuzkoarrak euskaldunen artean zozoenak omen zarete. Harrapazank hori. Ez dira garai onak behar bada, Realarengatik diot. Ze pena ematen didan Lotinak... eta Realak noski. Baina Lotinak, begi goibel eta pausaje tristez, burumakur beti, bizkaiera eder horrekin... penie emoten dosta.
Gipuzkoan labea sutan duzue aspaldi honetan. Aldun Nagusirako hautagaiaren saltsa pil-pilean da EAJn. Ez diot nik hogasunarekin zorrik duenik, partidu barruko kontuak garbitzeko batzuek duten modua baino ez; baina 6 etxebizitza... Gai honen gaineko adierazpen politiko eta partidistak ez didate interes handirik piztu egia erran; baina 6 pisuena... Ni bakarrarekin konformatzen naiz, Madrazo jauna.
Eta Bilboko manifestazioan Ertzantzak egurra. Madrilekoa bezala, hau ez al da gatazka politikoaren ondorio?, galdetu du Eusko Jaurlaritzak. Eta De Juana gero eta larriago. Eta... finitu dira hitzak, alferrik diren sentsazioa baitut.
Estitxu Fernandez, Noticias de Gipuzkoa 2007/02/27
No comments:
Post a Comment